Historia

1971-1972 ikasturtetik ari gara helduei euskara irakasten, aurretik hainbat gau-eskola baldin baziren ere han eta hemen, gehienak, alfabetatzen aritzen zirenak lehenengo urte haietan. Poliki-poliki gau eskola eta euskaltegi kopurua handitzen joan zen eta guztiak koordinatu beharra ikusi zen, horrela sortu zen Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea, Arturo Campion bertan koordinatu zen 1989ko ekaina arte. Geroztik, IKA sarea eratu zuen beste hainbat euskaltegirekin eta sare honetan aritzen da. Euskaraz Ikas eta Ari. Horixe izan zen 1989ko irailean IKAko euskaltegiek egin zuten kanpainan erabili zen eslogana eta hitz horiei zor die izena euskaltegi sareak: Ikas eta Ari, IKA.

Izan ere, horixe da gure helburua: euskaraz ariz ikastea, eta euskaraz aritzeko ikastea. Euskal hiztunak erdiestera bideraturiko metodologia baita gurea, eskolak euskara hutsean emanez ahal den jende gehiena euskaldundu nahi baitugu, ikaslea ahal bezain bizkor egunerokoan euskaraz aritzeko gauza izan dadin.

Euskaltegi honetara hurbiltzen den ikasleak esperientzia handiko irakasle taldea izaten du bide erakusle eta laguntzaile gure hizkuntza, Lingua Navarrorum-a, ikasteko ahaleginean, euskal hiztun bihurtzeko bidean.

Bide hori errazteko, ordea, Arturo Campion euskaltegiak kultur ekitaldi ugari antolatzen du urtero-urtero, ikasgelatik kanpo ere euskaraz ari daitezen. Azken batean, herria euskalduntzea dugu helburu, herritarrari euskara ongi irakatsiz eta euskaraz mintzatzeko aukera ugari izan dezan ahaleginak eginez. Horrela baizik ez baitu aurrera eginen euskarak: euskara ikasiz eta euskaraz mintzatuz. Beraz, euskaraz, ikas eta ari.